XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Futbol zelai berria Lagun-Artea taldearendako

Lakuntzako Lagun-Artea futbol taldeak Zelai Berri futbol zelai berrian jokatuko du aurtengo denboraldian.

Zelai honen inaugurazio ekitaldiak abuztuaren 15ean burutu ziren, eta bertan, herriko taldeen aurkezpena egin ondoren, Estatuko Futbol Profesionalaren lehenengo mailako Alaves eta Valladolid taldeek partidu bat jokatu zuten.

Zelai Berri udal futbol zelaia Lakuntzako udal igerilekuen inguruan kokatua dago, eta gutxi gorabehera 40 milioi inguruko kostua izan du.

Bertako Lagun Artea futbol taldeak zelai hau erabiliko du aurtengo denboraldian, eta zelai zaharra, Itsesaldeko zelaia, alegia, beste behar batzuetarako erabiliko da

Dena den, futbol zelaia ez da Lagun-Arteak aurten izan duen berrikuntza bakarra, izan ere, entrenatzaile berri bat arituko baita herriko futbolariekin, Goyo Burillo lakuntzarra.

Jokalariei dagokionez, jokalari berriak ere hasi egingo dira talde honetan jolasten, eta iaz jokatzen zuten hainbat jokalarik aurten ez dute jokatuko.

Irailean hasiko da aurtengo futbol denboraldia eta abuztuaren hasieratik entrenatzen hasi dira dagoeneko Lagun Artea taldekoak.

Bestalde, denboraldi honetako masailaria Oihana Aldabe lakuntzarra izanen da.

Zelai Berri futbol zelai berria Ama Birjiñaren egunean inauguratu zen; apaizak zelaia bedeinkatu zuen eta herritarrendako auzatea egon zen, arratsaldean Lagun-Arteko taldeak aurkeztu ziren (primera regionalean arituko dena, jubenilak...) eta ondoren, bildutakoen gozamenerako, lehen mailako Alaves eta Valladolidek partidu bat jokatu zuten.

Lakuntzako Pertza

Hurrengo egunean, abuztuak 16an, lakuntzarrok Lakuntzako Pertza eguna ospatu genuen urtero bezalaxe.

Astoa tripotekin goizeko seietan abiatu zen Lakuntzako Pertza Elkartetik San Miguel bidera, eta berarekin batera hainbat lakuntzar.

Eguna, urtero bezala oso jendetsu eta animatua izan zen, eta han bildutakook tripota eta ardo ugari dastatzeko aukera izan genuen.